ELEBERRI GRAFIKOAK
1937ko udaberriko lehenengo egunak dira. Mari eta Martin neska-mutikoak, aittitte Eleuteriogaz batera, Durangora bidean doaz tropa faxistak Intxortako frontearen kontrako azkeneko erasoaldiari ekitear direla.
Martxoaren hogeita hamaikagarrenean faxistek errukirik barik bonbardatuko dituzte Elorrio eta Durango, gure protagonistak sarraskiaren lekuko direla. Berandu barik, faxistek hankapean hartuko dute Durangaldea, eta euren eskutik etorriko dira mendekua, umiliazioa, erbestealdi luzeak...
Gure herriak gogoratzen duen udaberririk ankerrena izan zen 1937ko hura. Oraindino eta ankerragoa haur baten begietara.
Teoria ederren zale baino, ekintza-gizona dugu Lucio Urtubia. Haren bizitza etenik gabeko borroka bat izan da, eta, batzuek kontrakoa uste duten arren, ondare hori utzi digu, Lucioren altxorra. Euskaraz estreinakoz, Cascanten emandako haurtzaroa, lehen banku-desjabetzeak, poliziei iskintxo egiteko asmatutako trikimailuak, familia-kontuak, Citibank banketxearekin egindako negoziazioa, muga-zeharkaldiak… Guztia edo ia guztia kontatuko digu Luciok akzioz eta ekintzaz betetako orri hauetan. Izan ere, anarkista menderaezin honek dioen bezala: «Ezer egiten ez duen iraultzaile bat apaiz bat besterik ez da».
Liburu dinamiko eta erakargarri honek Euskal Herriaren historiaren kronika jasotzen du, antzinatik hasi eta gaur egunera arte; zortzi gaitan sailkatuta, beti ere ordena kronologikoan. Ilustrazioek historiako hamaika pasarte esanguratsu jaso dituzte kolore biziz apaindutako marrazkiekin, errealismo handiz baina modu jostarian. Euskal Herriko gizakien bizimodua atalean topa ditzakegu 1936ko Gerra, Frankismoa zein ondorengo urteei buruzko azalpenak modu oso erakargarrian azalduta.
Gure Erroak argitaletxeak plazaratutako komikia da Berunezko itsasoa. Matxitxakoko guda. 1937ko martxoaren 5ean frankisten itsas armadako Canarias ontzi nagusiak eta Euzkadiko Guduontziko lau bouek, egun horretan izan zuten borrokaldi desorekatua azaltzen du. Baionatik Bilbora zihoan Galdames merkatalontzia babestu asmoz aritu ziren Gipuzkoa, Nabarra, Bizkaya eta Donostia izeneko bouak ahal zuten guztia egin arren, Canariasen indar nagusitasuna erabatekoa izan zen, eta huraxe irten zen garaile. Azkenean, 40 hildako, Nabarra hondoratua, Gipuzkoa matxura larriekin eta Galdames ontzia harrapatua gertatu ziren. Eta frankistek preso hartu zituzten bizirik suertatutako marinelak, Galdames ontziko tripulazioa eta bidaiariekin batera
Lur argitaletxeak kaleratutako bilduma honetan Euskal Herriaren historia jasotzen da komikien bidez. Zortzigarren liburukian errepublikaren zein gerra zibilaren inburuko bi liburuxka topatuko ditugu, Errepublika eta Euzkadiko guduan izenekoak.
Iraultza eta Bizi! ez da komiki soila, besterik gabe, ez. Liburu irakurri ondoren, ikerketa sakon baten osteko emaitza dela ondorioztatzen dugu. Burgosko prozesuaren gainean gidoigileak, Mikel Antzak, lupa jarri eta gaiaren inguruan aurretik idatzi den guztia arakatuz aparte, testigantza berriak jaso ditu ere. Gaiak eskatzen duen lez, neurriz gaineko tonu literariotik aldendu egin da gidoigilea. Adurrek bere aldetik jasotako informazioa prozesatu, eta bere marrazki-estilo bizira egokitu du. Gaia erdi epikoa eta erdi dramatikoa izan zitekeen, baina hala ere, aldiro, kontaketak, umore puntu bat hartzen du aipatutako estilo-grafikoaren ondorioz, eta baita benetako egoera batzuek ere, Beihl kontsularen ihesaldiak adibidez, irakurketa horren alde egiten dutelako.
Euskaldunen eta espainiarren arteko gatazka eta biolentzien arazoaren interpretazioa aldebakarrekoa izan da ia beti komikietan, modernotasunaren ardi-larruz mozorroturik batzuetan, mozorrorik gabe besteetan. Alde horretatik Iraultza eta bizi!-k ikuspegi aldaketa, eta haize freskoa, dakar gure komikien erakustokira.
"Emakumeen Memoria 1937, Intxortatik Artxandara" ekimenaren asmoa da emakumeen memoria berpiztea, gogoratzea eta zer gertatu zen aditzera ematea, gure gizarteak kontzientzia hartzeko helburuarekin, halakorik berriro gertatu ez dadin. Emakumeek bizitakoaren ikerketak aztertzen du II. Errepublika garaian hasi eta Bilboranzko faxisten gerrako ibilbidea.