Oroimenaren harra

OROIMEN HISTORIKOA ESKOLARA

Egitasmo hau auzolanean egin dugu: material hau hainbat irakaslek prestatu edota bildu dugu guztion eskura jartzeko; ekarpen didaktiko interesgarririk baduzu, jarri gurekin harremanetan



Oroimena

Oroimenaren harrak zenbaiti gogor eutsi ohi dio; beste hainbatek, berriz, nahiago izaten du oroitzapenak ahanzturaren zingirara bota. Gizon-emakume askoren buruan geratu dira iltzatuta makina bat bizipen, inoiz ahaztu ezin izan dituztenak edo beldurragatik isilean gorde behar izan dituztenak. Beste batzuek, aldiz, gertakari lazgarri haiek ahaztu egin nahi izan dituzte betirako.

Bizipen horietako zenbait gaur egunera arte iritsi dira, eta belaunaldiz belaunaldi transmisio bidez jasotakoaren ondorioz, garai horretan gertatutakoak isilarazi edo ezkutatu beharrean, orainera ekartzeko beharra ikusi da. Hain zuzen ere, transmisioak bermatzen du jakintza belaunaldi batetik bestera pasatzea. Esan liteke garai ezberdinak lotzeko balio duen katea dela transmisioa, garai ezberdinetako katebegiak lotzen dituena.

Gasteizko Koldo Mitxelena institutuan sortu da egitasmo hau. Azken bolada honetan irakasleon artean gai honen inguruko kezka nabarmen handitu da, ikasleek gero eta gutxiago ezagutzen baitute gure aurreko belaunaldiek 1936ko gerran eta Francoren diktaduran bizi behar izan zutena. Horretarako egokia iruditu zaigu Euskal Herrian egin diren makina bat lan gune bakar batean biltzea, hain zuzen ere, hezkuntzan lanean gabiltzanok oroimen historikoa eskolara eramatea errazago izan dezagun.

Web-orrialde honen helburua da hezkuntzaren bidez, hezkuntza komunitatearen bidez, iraganean isilarazi eta ezkutatu zuten horren inguruko egia belaunaldi berriek ezagutzea eta bilatzea. Azken batean, errepresioa jasan zuten horien omenez justizia egitea.

Oroimenaren Harra

webgunearen aurkezpena

2019/10/23