Ikastetxeetako ekimenak
OROIMENAREN BILDUMA Ikasleek sortutako aldizkari digitala (Batx 2. maila)
2022-2023 - 2023/2024 - Koldo Mitxelena BHI (Gasteiz)
EGITASMOAREN NONDIK NORAKOAK
Ikasleek proiektuak lantzea bide oso egokia da irakaskuntza aberasteko eta ikasleak trebatzeko. Egitasmo interesekoak eta motibagarriak badira, hezkuntza jarduerak indar berezia hartzen du. Horren asmotan sortu dugu proiektu hau, ikasleen inplikazioaren bidez jarrerak, ezagutzak eta trebeziak modu eraginkorrean lantzeko. Kasu honetan, gelan aldizkari digitala sortzea da proiektuaren erronka.
Gainera, Koldo Mitxelena BHIn badaramatzagu hainbat urte memoria historikoa ikuspegi hezitzailetik lantzen. Funtsezkoa da gure inguru eta iragan hurbilaren ezagutzan sakontzeko, giza eskubideen aldeko jarrerak sustatzeko eta ikasleen sentsibilitatea lantzeko, artean, literaturan… baita egunerokoan ere.
Batxilergoaren 2. mailak honako arloa lantzeko aukera zabala ematen du, historia arlotik lanketa zehatza egiten delako, baina beste ikasgai batzuetatik ere gaia ukitzen da. Horregatik proiektua ikasgaien artekoa da, eta sortu beharreko aldizkari digitalak Historian, Gaztelanian, Ingelesean, Filosofian edota Euskaran landutako ekarpenak jasoko ditu eta IKTn aldizkariak sortuko dituzte.
Beste aldetik, gaur egungo errealitatea eta komunikazio moduak aintzat hartuta, egitasmoa arlo digitalean garatzea erabat normala da. Gero eta gehiago, komunikazio era digitalak nagusitzen ari dira gure gizartean, bereziki gazteen artean.
ERRONKA
Ikasgai batzuen ekarpenaz aldizkari digitala sortzea, formatu ezberdinez: bideoak, audioak, irudiak, testuak… Hau da azken produktua: “OROIMENAREN BILDUMA. Ikasleek sortutako aldizkari digitala”. Horretarako eduki desberdinak landuko dira eta lan batzuk burutuko dituzte ikasleek, banaka zein taldeka.
HELBURUAK
Adierazpen era desberdinen bidez ahozko eta idatzizko komunikazioan trebatzea
Gure inguru gertuaren iragana ezagutzea, historiaren zein artearen ekarpenak jasota
Literatura eta beste arte lanak aintzat hartzea eta balioestea
Talde lanerako gaitasuna garatzea, helburu bati begira praktika eraginkorraren bidez
Giza- eskubideen inguruko sentsibilitatea lantzea, horien inguruko gogoeta sustatuz
IKT baliabideen erabileraz hauen erabilera aberastea eta sakontzea
MEMORIAREN ASTEA 2021 - Koldo Mitxelena BHI (Gasteiz)
JARDUERAK
DBH1
Etika ikasgaian, El viaje de Carol filma ikusi eta aztertu.
DBH2
Gaztelania ikasgaian, Poemario gaia aprobetxatuz, Martxoaren 3ko poemak egin eta pasabideetan mural batean jarri ikusgai.
DBH3
Batxilergoko 1. mailako ikasleek Euskararen memoriaren inguruan egindako bideoak aurkeztuko dituzte eta gaiaren inguruan hitz egin.
DBH4
Gizarte ikasgaian, Martxoaren 3ko gertaerak landuko dira.
Martxoaren 2an, Nerea Martinezen (Martxoak 3 elkarteko kidea) hitzaldia
Etikan Armaiuruak irekiz UD (frankismoa aniztasun sexualaren aurka)
BATXILERGOA 1
Euskara ikasgaian, “Euskararen memoria” bideoak sortu dituzte eta DBH3ko ikasleei aurkeztuko zaizkie.
Euskara ikasgaian Lauaxeta poetaren inguruko saio monografikoa, bere poemak landuz eta horietan oinarritutako kantak entzunez.
Psikologian oroimen kolektiboa aztertzen egon gara, Francoren bilobari gutuna izeneko UD (4 saio).
BATXILERGOA 2
Historian ikasgaian, 1936ko gerran Maravillas Lanbertori gertatutako landuko dute.
Artearen historia ikasgaian, Artea eta memoria gaia landuko dute.
Martxoaren 3an eta 4an, Belen Arrondoren hitzaldiak frankismoaren eta trantsizioaren inguruan.
Fisikan, “Los surcos del azar” komikia landu eta gero “Pyrenaica” liburuaren bidez Jaizkibel, Dantxarinea eta beste errepide batzuk nork egin zituen azaldu.
Ingeleran, bideo hauek ikusi
eta, oraingo gaia juztizia eta legea (Law and order) denez aukera izango dute juztiziaren errepresentazioaren sinbologiaren inguruan aurkezpen bat egiteko, edota Picassoren Guernicaren sinbologiaren inguruan.
MEMORIA LANTZEN DUTEN ESKOLAK 2021- Iturrama BHI (Iruñea)
Iturramako ikastetxean Nafarroako Memoria Institutuarekin lankidetzan, MEMORIA LANTZEN DUTEN ESKOLAK programaren barruan, martxoko bigarren hamabostaldian jarduera hauek gauzatu ditugu:
Biktima hezitzaileen programaren barruan errepresio Frankista Asun Larretaren eskutik ezagutu ahal izan genuen, bere aitonaren fusilamenduaren berri ematera etorri zelako astelehena batxilergoko Espainia eta Nafarroako Historiako ikasleei. Eskerronez, bere lana eta denboragatik, ikastetxeak landare eta lore batzuk eskeini zizkion.
Bestetik, 2. Batxilergoko ikasleek Nafarroako Desobiratze Goiztiarren inguruko erakusketa eta 4. DBH-ko ikasleek Ezkabako erakusketa ikusi eta landu dute.
MEMORIA HISTORIKOA LANDUZ 2020- Toki Ona BHI (Bera)
Toki Ona ikastetxeko DBH 4.Bko ikasleek, Nahia Senper Mazizior irakaslearekin, Memoria historikoa landu dute. Horretarako, gelan edukiak ikusteaz gain, eskolaz kanpoko jarduerak eta proiektuak landu dituzte. Helburu nagusiak memoria historikoa lantzea, oroimen historikoa jasotzea eta hausnartzea izan dira, gizartean garai batean sendatu gabe utzi ziren zauri edo egoerak sendatzen eta sendotzen lagundu nahirik.
Institututik kanpo egindako jarduerei dagokienez, martxoaren 22an Beran barna txangoa egin zuten. Lehenbizi, Argaitzeko harrobira joan ziren eta herriko historiako "zenbait pasarte ilun" ezagutu zituzten. Ondoren, harrobitik udaletxeko plazara joan ziren eta han bertze hainbat azalpen jaso zituzten. Beran 100 familiak alde egin behar izan zutela herritik eta hiru baino ez zirela bueltatu.
'EZKABA 1938-2018' ERAKUSKETAN Apirilaren 1ean, berriz, Iruñea aldera joan ziren. Lehenbizi, Burlatako Kultur Etxeko Ezkaba 1938-2018 erakusketa ikusi zuten eta azalpenak Txinparta taldeko Koldo Plak eman zizkien. Duela 30 urte memoria historikoarekin konprometitutako gizona da eta gaiaz anitz daki. Hainbat gertakari, azalpen eta anekdota kontatu zizkien. Haien erranetan "hagitz interesgarriak eta hunkigarriak". Horren ondotik, Ezkabara joan ziren Botilen hilerria ikustera eta gotorlekuko lubakietatik ibilbidea egin zuten.
Gelan taldeka proiektu bana egin dute gaiaren inguruan. Horretarako, elkarrizketak egin dituzte, informazioa lortu... Egindako lana bideo batean laburtu eta sarera igo dute. Lana Berako Udaleko nahiz Toki Ona institutuko webguneetan ikus daiteke.
Bukatzeko, ekainean Ezkabatik Urepeleko ihesaldiaren ibilbidearen zati bat eginen dute. Ibilbide hori hiru egunekoa izanen da, baina haiek egun bakarra eginen dute.
MEMORIA HISTORIKOA LANTZEN 2017- Zumaia BHI (Zumaia)
Zumaiako herrian gerra zibilaren eta oroimen historikoaren errealitatea landu da Mari ta Jose eskola eta Zumaiako Institutuko ikasleekin, Aranzadi esker.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan eta Batxilergoko lehen urteko Gizarte Zientziak, Etika, Erkijio eta Historia arloetan landu da. Proiektuan parte hartu duten ikasleak ehundik gora izan dira, eta beraien aldetik klasean egin dituzten ekarpenak oso garrantzitsuak izan dira. Bestalde, saioan landutakoarekin bideo-sorkuntzak egiten ari dira ikaslean herriko oroimenaren inguruan, gerora herriari eskaintzeko gazte ikuspegitik oroimena nola ikusi, hausnartu eta sentitzen den.
Lanketa horri amaiera emateko ekitaldi berezi bat egin zen. 36ko gerraren ondorioak zuzen-zuzenean sufritu zituzten bi lagunen testigantza entzuteko aukera izan zuten ikasleek, areto nagusian. Batetik, Josune Sasian zumaiarra eta, bestetik, Andoni Garikano tolosarra aritu ziren euren bizipenak eta gogoetak mahai gainean jartzen. Kontakizun horien guztiak lotzen eta josten Bernardo Atxaga idazlea aritu zen, gonbidatuen hitzei xehetasunak gehituz eta istorioak ulerterrazago eginez ikasleei.
Euskal Herriko eta Zumaiako gerra zibila eta oroimen historikoa lantzen dituen honako proiektu hau ikasleen ikasketa prozesuaren garapenean zentratu da, metodologia parte-hartzaile aktibo batean oinarriturik.
Proiektu honen helburu nagusia ahozko historia landuz eta memoria historikoa analizatuz ikasleen oinarrizko konpetentziak garatzea izan da. Proiektuaren balio erantsiak, batetik,
oinarrizko hezkuntza konpetentzien garapena lantzea izan da, batez ere pentsamendu kritikoa eta analitikoa, ikasleen autonomia eta taldean lan egiteko gaitasunak garatzea izan da eta
iraganak gure egungo gizartean nola eragin duen hobeto ezagutzea eta hiritartasunaren kontzientzia hartzea.